Nafarroako liburutegiak
Liburutegi publikoak
Nafarroan “liburutegi publikoak” deitzen zaie Nafarroako Gobernuak eta herri edo hiri bakoitzeko Udalek sinatutako hitzarmen baten bitartez kudeatzen diren herri eta auzo liburutegiei. Hitzarmenak arautzen du entitate bakoitzak dituen ardurak.
Nafarroako Liburutegiarekin eta zenbait liburutegi espezializaturekin batera Nafarroako Liburutegien Sarea osatzen dute.
- Liburutegi publikoen inguruko informazio gehiago.
Udal liburutegiak
Liburutegi hauek, nahiz eta herri edo auzo liburutegiak izan, ez dute hitzarmenik Nafarroako Gobernuarekin eta beraz herri edo hiri bakoitzeko Udalek soilik kudeatzen dituzte. Ez daude Nafarroako Liburutegien Sarean eta horrek biziraupena zailtzen die.
20 baino gutxiago dira egoera honetan daudenak, lurralde osoan zehar sakabanaturik.
Eskola liburutegiak
Nafarroako eskola liburutegiak dira egoera kaxkarrena pairatzen dutenak. Garai batean Nafarroako Gobernuak “Blitz, liburutegiko sagua” liburu bilduma argitaratu zuen eskola liburutegiak kudeatzen ikasteko jakintzak bilduz. Arras material ona izan zen eta eskola eta ikastetxe guztietako liburutegietara banatu zen, baina hala ere ez zuten inoiz eskola liburuzainik jarri.
Gaur egun ere liburuzainik gabeko liburutegiak dira Nafarroako eskola liburutegiak. Kasu gehienetan irakasleren bat arduratzen da bere kudeaketaz baina normalean inongo baliabiderik izan gabe.
Nafarroan egindako “Liburutegien balioa: Nafarroako Foru Komunitateko liburutegien eragin sozioekonomikoari buruzko ikerlana”-n ezin izan zituzten eskola liburutegiak aztertu Hezkuntza Departamentuan Eskola Liburutegien arduraduna izanagatik ere, ez dagoelako haien inguruko daturik (nola hartzen duten parte eskolako proiektu pedagogikoaren baitan, ikasle eta irakasleei eskaintzen dizkieten zerbitzuak, erabilpen maila, funtsaren eta kultur-jardueren gaineko datuak…).
Egoera kaxkarra bada ere, sektorea profesionalizatzearen alde lanean jarraituko dugu eskola liburutegi duinak helburu.
Liburutegi unibertsitarioak
Nafarroan hiru liburutegi unibertsitario daude ikasle, irakasle eta ikertzaileei ikasketetan zehar eta ikerkuntzarako beharrezkoak dituzten materialak eskaintzen dizkietenak (gradu eta master amaierako lanak, tesiak, ikerketa proiektuak...):
Liburutegi espezializatuak
Liburutegi espezializatuak behar profesional konkretu batzuei erantzuteko diseinatuak daude. Azaroak 19ko 32/2002 Foru Legediaren arabera Nafarroako Liburutegi Sistemaren parte dira, sarreraren onarpena Kulturako Zuzendari Nagusiak ematen duelarik.
- Liburutegi espezializatuen inguruko informazio gehiago.

